XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eman dezagun orain bi sistema (A eta B) pareta adiabatiko batez aldenduta ditugula eta hirugarren batekin (C), bakoitza bere aldetik, pareta diatermiko batez kontaktuan jartzen ditugula, 1.2 irudian ikus daitekeen bezala.

Esperientziak erakusten digunez A eta C alde batetik eta B eta C beste aldetik, oreka termikora iritsiko dira.

Orain A eta B pareta diatermiko batez kontaktuan jarriz gero sistemen magnitudeak ez direla aldatzen ikus daiteke, hau da, oreka termikoan daude.

Esperientziok Termodinamikaren Printzipio Hutsa deritzogunaren bidez labur daitezke:

Bi sistema termodinamiko oreka termikoan hirugarren batekin oreka termikoan daude elkarrekin.

Fowler-ek enuntziatu zuen printzipio hau.

1.2. Irudia Termodinamikaren Printzipio Hutsa adierazteko erabil daitekeen eskema.

1.4.- Tenperatura-kontzeptua

Sistema termodinamiko bat deskribatzeko zenbait aldagai behar badira ere, eman dezagun X1 eta Y1 aldagaien bidez deskribatuta datorren sistema daukagula.

Sistemaren gainean ekintzaren bat eginez gero sistemari egoera alda dakioke eta ondorioz berau deskribatzen duten aldagaiak aldatu.

Esperimentalki ikus daiteke egoera berri hau, X2 eta Y2 balioek deskribatua, oreka termikoan egon daitekeela aurreragoko egoerarekin, X1 eta Y1 balioek deskribatutakoarekin, alegia.

Berriz ere sistemaren egoera aldatuz X3, Y3 egoerara irits gaitezke eta esperimentalki ikus hau ere oreka termikoan dagoela aurrekoekin.

Prozesua nahi den beste segi daiteke eta ondorioz heunaka egoera ezberdin aurkitu emandako sistemarentzat, denak oreka termikoan.

Esperientziak ere horixe dio, hain zuzen ere, sistema batentzat beti aurki daitezkeela zenbait egoera ezberdin, denak elkarrekin oreka termikoan daudenak.